Archivo de la categoría: artikuluak

Desteteari buruzko artikulua

Artikulu hau asanbladako kide batek bidali digu. Gai polita izan daiteke asanbladan komentatzeko edo esperientziak elkar trukatzeko.

Destetea: amaiera zoriontsua

http://www.ttiklik.com/blog/2013/01/22/destetea-amaiera-zoriontsua/

2013-01-14 hikhasi

Family sketches

Bi aldeentzat, amarentzat zein haurrarentzat, onuragarria den harremanean oinarritzen da eradoskitzea. Oreka hori galdu eta bietako batentzat asegarria, positiboa eta atsegina izateari uzten dionean zentzua galtzen du. Hori nabarmendu du, lehenik eta behin, Carmen Ferro Villabonako (Gipuzkoa) anbulategiko emaginak. Hortaz, kasu bakoitza ezberdina da, harreman horren araberakoa, baita amak bularra emateari uzteko arrazoiak eta garaiak ere.

Bi aldi bereizten ditu Ferrok eradoskitzearen amaiera erabakitzeko arrazoiak aztertzerakoan. Alde batetik, haurraren lehen sei hilabeteen barruan — umea soilik amaren bularraz elikatzeko gomendioa egiten den epearen barruan— ama eradoskitzea etetera bultzatzen duten arrazoiak daude. Errepikatu ohi diren arrazoiak dira, eta horien artean hauek aipatu ditu Ferrok: titiburuetako arrakalek eta mastitisak eragindako mina; haurrak pisu gutxi irabaztea; amaren nekea (bai haurrak maiz eskatzen diolako titia bai erditze gogorra izan duelako…); amaren bularrek esne gutxi sortzea;  eta lau hilabeteko baimenaren ondoren, etxetik kanpo lan egitean hastea.

Arazo horietako gehienak, “lehen momentuan helduz gero, edo aurreikusi eta neurriak hartuz gero”, konpontzeko modukoak dira, Ferroren esanetan. Aldiz, “berandu detektatu, eta amaren eta haurraren arteko harremanean oreka galtzea eragin badute dagoeneko, ez dago zereginik”. Amak ingurukoen babesa izanez gero gainditu egiten ditu, normalki, ohiko arazoak, nahiz eta mingarriak izan: senideena, arazo berbera izan duten beste ama batzuena, edoskitzearen aldeko taldeena, emaginena… Arrakalek eta mastitisak eragindako mina arindu daiteke, adibidez, kasu askotan, egoki esku hartuz gero, eta zuzenduz gero; bularretako esne eskasia handitu daiteke xurgatzearen bidez edota esnea ateratzeko tresnen bidez; umeak ez badu pisu nahikoa hartzen arazoari buelta eman dakioke biberoiko esnearen beharrik izan gabe, titiorde eta tutu txiki batekin adibidez.

Ama edoskitzea uztera eraman lezakeen arrazoia zein den detektatzea, eta, ingurukoen laguntzarekin arazoa bideratzea da, edoskitzea nahi baino lehenago ez eteteko bide bat.

Arrazoi sozialak izan ohi dira, askotan, edoskitzearen amaiera ezartzen dutenak. Etxetik kanpo lan egitea “oztopo handia” da emakume askorentzat edoskitzearekin jarraitzeko, “baina benetan jarraitu nahi duenak, egin dezake”, azaldu du Ferrok. Balizko arazoak aurreikustea eta neurriak hartzea da gakoa, umearen eta norberaren premien eta lan ordutegien arabera. Lanean hasi baino 10 bat egun lehenago plan zehatz eta pertsonalizatu bat eginez laguntzen die Ferrok ama askori arazoa gainditzen. Plan hori ama eta haur bakoitzaren araberakoa izaten da, kontuan hartzen baititu amaren lan mota eta ordutegia, haurraren adina eta eguneko hartze kopurua.

Sei hilabeteko langa gainditu duten edoskitze kasuetan, bestelakoak izaten dira edoskitzeari uzteko arrazoiak.

Bietako batentzat, ama edo haurrarentzat, edoskitzearen bidezko harremanak onuragarri, atsegina edo beharrezkoa izateari uzten dion momentu bat iristen da. Kasu horietan ere, bidea prestatu daiteke harremanaren amaiera traumatikoa izan ez dadin, bularra hartzeko edo emateko erabakia nork hartzen duen.

Izan ere, haurrak erabaki dezake une batetik aurrera ez duela gehiago bularra hartu  nahi. Momentu hori haurrak urte eta erdi, bi, hiru edo lau urte… dituela irits daiteke, garai desberdinetan, baina “beti” iristen da. Haurrak amari ez duela bularra gehiago hartu nahi adierazten dion momentua, oso momentu “ederra” izaten dela nabarmendu du Carmen Ferrok. “Haurrak pentsatzen du handi bilakatu dela, eta ez duela bularra gehiago behar”. Kasu hauetan, amari, orain arte emandako guztia gogoan, alderdi onari begiratzeak lagunduko dio eradoskitzea —eta horrek ematen dion kontaktua— faltan ez sumatzen.

Baina amak berak ere erabaki dezake harremana etetea. Nekea sumatzen duelako, esate baterako, edo berriz haurdun geratu nahi duelako (abortu errepikatuak izan dituen emakumeari aholkatu ahal zaio edoskitzeari uztea), edota gizartearen presioa sentitzen duelako, etengabe azalpenak ematera behartuta.

Haurraren edo amaren erabakia izan, bien arteko harremana “ondo bukatzea” oso garrantzitsua dela adierazi du Ferrok, errunduntasun sentimenduak bazter uzteko. Haurtzaroko lehen oroitzapena zupakia kendu, itsasora bota edo erre egin zioteneko egunekoa duen jende asko dagoela gogoratu du, “Oso esperientzia oldarkorra bizi izan zutelako gogoratzen da une hori”. Are gogorragoa izan liteke bularra hartzearen amaieraren oroitzapena, etete hori ondo kudeatu ezean.

Hori ekidin eta haurra “amaiera zoriontsu” baterako prestatu daitekeela azaldu du emaginak. Izan ere, oso txikiak izanagatik ere umeek “gauza asko ulertzen dituzte, guk uste duguna baino gehiago”, eta egoera berrietara egokitzeko haurren gaitasuna helduena baino askoz handiagoa da, gainera.

Eradoskitzea eteteko hainbat gako praktiko

Bularra emateari uzteko prozesua pixkanaka-pixkanaka egitea aholkatzen du Ferrok, eta zenbait adibide praktiko aipatu ditu haurra egoera berrirako prestatzeko. Edoskitzea elikadura da, bai, baina baita afektu iturri eta atxikimendu ere. Bularra kentzean, elikadura eta atxikimendua ez dituela galduko ulertarazi behar zaio haurrari. Horretarako, bularra kendu aurreko egunetan prestaketa hastea proposatzen du: umeak gosea eta afektibitate beharra asetuta dituenean eskaini bularra, jan ondoren, eta berarekin kontaktu momentu atsegina bizi izan ondoren. Era horretan, “ez du beldur eta deserrotze sentsaziorik izango bularra ez emanagatik”.

Txiki-txikiak direnean, adibidez, eurek ulertzeko moduan esplika-tzea proposatzen du Ferrok. Bularrek lo hartu dutela esatea, adibidez, oso zuzena eta eraginkorra izan ohi da, bularra zapi batekin estaltzean oso ondo ulertzen dute amaren beharra.

Umea handiagoa denean, egutegian edoskitzeari uzteko falta diren egunak ezabatzen joatea da Ferrok aipatu duen beste ariketa bat. Eguna iristen denean festa txiki bat antolatu daiteke, haurra handi bilakatu dela ospatzeko. Era berean, umeak ikusi behar du bularra hartzeari uzteak, hau da, handi bihurtzeak onuraren bat ekarriko diola. Une horretarako zerbait berezia prestatzea proposatzen du Ferrok: ordura arte edoskitzeko garaia izango zen une horretan, bularraren ordez bereziki gustuko duen jakiren bat (demagun, patatak) ematea proposatzen du, aldi labur batean.  “Umeak gugandik jaso behar duen mezua da jabetzen garela bere burua elikatzeko duen beharraz eta apetaren bat emateko beharraz”, gaineratu du Ferrok.

Elkarrizketa hau HAZI HEZI Etxerako Heziketa Aldizkariaren 3. zenbalian argitaratu zen
Anuncios