Gaztetxeko urteurrenean.
Gaztetxeko 14. Urteurrenean egitarau polita antolatu dute gazte asanbladakoek. Ekainaren 15erako haurren eguna ere antolatu zuten eta Kartzela zaharrean elkartzen garen guraso asanbladarekin hitz egin zuten eguna antolatzeko. Goizean txikientzako ekintzak (gure kontu) bazkaria eta arratsaldea gazte asanbladak antolatuko zuela esan ziguten.
Egun polita izan da gaurkoa. Goizean familia ugari bildu gara goiko kondearen parkean; betiko jolasak egin ditugu, jauzgailuarekin jolas batzuk egin eta urarekin busti dira txikienak! Eguraldi ederrarekin gustora ibili gara txiki eta helduok! Parke hau gehiago erabili behar dugu! Leku magikoa da!


Bazkari ederra prestatu digute asanbladakoek, menu gaztetxeroa; makarroiak eta solomoa piparrekin. Postre: Yogurra!
Kafea eta gero aurpegia margotu diogu elkarri, ipuin kontalaria ere izan dugu eta ginkana berezi bat ere egin dugu gaztetxean zehar.

Amaitzeko, Txapa irratira joan gara, inoiz egin den irratsaiorik gazteena egin dugu, abestu, txisteak barreak… baduzkagu etorkizuneko esatariak!!

Egun berezia izan da gaurkoa, kartzela zaharrean egun guztia pasa dugu familian. Gazte asanbladakoak eta haur eta guraso asanbladakoak elkarrekin. Haurrak primeran pasa dute baita gurasook ere! Eskerrik asko gazte asanbladari!